berria.info

Asteazkena, 2012ko abenduak 19a.

Erakustaldirik eman gabe, baina Mirzoev nagusi, berriz ere, Elgoibarren.

 

Gazteen aldeko apustua egin du aurten Elgoibarko magistralak, eta oso orekatua izan da faboritoen arteko lehia

 

Josu Tornay. Donostia.

 

Gazteen aldeko apustua eginda, interesa areagotu du aurten Elgoibarko 22. magistralak. Abenduaren 10ean hasi eta herenegun iluntzean amaitu zen, eta Ana Matnadze eta Nino Batsiashvili georgiarrak eta Cristian Cruz perutarra izan dira torneoko ezusteko atseginak. Pixkanaka goraka doaz gazte horiek, eta handinahia eta joko ederra erakutsi dituzte Elgoibarren. Ohiko jokalari batzuek ere parte hartu dute: Aleksa Strikovic serbiarrak, Azer Mirzoev azerbaijandarrak eta Viktor Moskalenko ukrainarrak, esaterako. Euskal Herriko bazter guztietako ordezkaritza ere izan da. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko bi jokalarik ere hartu dute parte, Paul Veltenek eta Patrice Etxegaraik. Lehia estuaren ondoren, Mirzoev nagusitu zen azkenean, iaz gertatu bezala.


Mirzoevek ez zuen oso hasiera liluragarria izan, baina berdinketak ziurtatu zituen gainerako faboritoekin eta Matnadzekin. Batsiaxvili eta Cruz, berriz, gainditu egin zituen. Velteni irabazita eta beste partidak berdinduta, nahiko izan zuen torneoa eskuratzeko. Bereziki polita izan da Cruz gaztearen irudimena ikustea —20 urte ditu—. Esperientzia apur bat bakarrik falta zaio.


Euskal herritarren artean bereziki azpimarratzekoa da Velten baionak Nazioarteko Maisu izendapena lortu izana. Santi Gonzalez bilbotarra izan da euskal herritarrik onena, maila polita emanda. Bost puntu eskuratuta, apur bat gora egingo du nazioarteko sailkapenean. Torneoko maila bikaina dela tarteko, espero baino pixka bat atzerago geratu ziren Astasio eta Etxegarai.

 

Sailkapena.

 

1. Azer Mirzoev (Azerbaijan) 6 puntu.

2. Cristian Cruz (Peru) 6 pt.

3. Viktor Moskalenko (Ukraina) 5,5 pt.

4. Ana Matnadze (Georgia) 5 pt.

5. Santi Gonzalez (Euskal H.) 5 pt.

6. Paul Velten (Euskal Herria) 5 pt.

7. Aleksa Strikovic (Serbia) 4,5 pt.

8. Nino Batsiaxvili (Georgia) 3 pt.

9. David Astasio (Euskal Herria) 3 pt.

10. Patrice Etxegarai (Euskal H.) 2 pt.